Iristen da une bat, alkate baten agintaldian, iraunen duen zerbait egiteko bulkada sentitzen duena. Kudeaketa justu, ekitatibo, elkartasunezko, aberastasunaren birbanatzailea, aurreko agintarien desmasien birbideratzailea ez zaie aski, antza, gero eta gertuago dauden hauteskundeetan hautesleriaren aurrean nor agertzeko, eta urteetan aurreko udal taldeei kritikatutako horixe baino ez zaie bururatzen gogoangarri. Askotan haien plan izar horri ekiteko beharrezkoa dute zerbait eraistea. Iruñean maiz gertatu izan da (pilotaleku mitiko bat, okupazioaren bidez gorde nahi izan zena, edo erdiguneko plaza berde bat adibide). Orain gertatzen ari da Gasteizen, Errekaleor auzoarekin. Aurretik dator eraisteko bulkada, elkarbizitzarako eredu berri eta irudikorrago bat lantzeari eta hortaz hausnartzeari uko irmoa; atzetik, eta aitzakia moduan, milaka proiektu, beti hiriaren eredu jakin eta ezagunegi baterantz bideratuak, alkatearen bere irudia finkatuko duen ameskerian sinetsarazten dizkiotenak.
Alkate batek egiten dituen gauza (ustez) onez kanpora, desegiten ez dituen egitasmo aberasgarriengatik epaitzen hasi beharko lukete hautesleek eta gaitzesten herritarrek. Ez eraistea zer eraikigarri izan daitekeen ikasita.

JIRA
Faraoi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu