Hatsa lurrundu egiten zidan hotzak, autobusaren zain nengoen, Hakim Beyri egindako elkarrizketa bat neukan esku artean. Dena pikutara bidali eta ospa egiteko gogoa ari zitzaidan sartzen. Jendea nekusan batera eta bestera, erosketak egiten, baina munduan bakarrik banengo bezala sentitzen nintzen, kezketan itota. Lankide baten hitzak ehotzen ari zitzaidan lepagaineko errota: mediokreen garaipena duk, ez diagu zereginik.
Nik ezetz pentsatu nahi nuela esan nion, jende argiari ere ematen zaiola aukera bat, dena ez dela miseria, dena ez dela kaskarra, ez etsitzeko, eusteko goiari. Bai, horretan ari gaituk beti. Nora ezean gabiltzak. Ez zagok proiekturik, inertzia hutsez ari gaituk. Lasaitzeko esan nion nik, ez emateko hainbeste buelta, etorriko zirela garai hobeak.
Garai hobeak? Ez zekitek zer nahi duten, ez ditek sekula jakin. Hurrengo hauteskundeak baino haratago begiratzeko gai ez dituk-eta. Ez zagok ikuspegi orokorrik, ez politika zehatzik. Kudeatzera mugatzen dituk, diruak eskuz mugitzera, ez zekitek besterik egiten. Haserre zegoela esan nion, hartzeko arnasa, uzteko alde batera pentsamendu ilunak, egiteko nik bezala, gordetzeko itxaropena.
Biok genekien gezurretan ari nintzela.
JIRA
Garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu