oihana arana

Gaztainak

2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazkena maite badut, gaztaina erreengatik da hein handi batean. Orbela zapaldu orduko akordatzen naiz umetan aititaren eskutik basora joateko izaten nuen pozarekin. Onddo bila joan eta saski bete gaztainarekin itzultzen ginen beti. Muturtuta aitita, poz-pozik gu. Morkotsa zapaldu, makurtu eta hartu. Zapaldu, makurtu, hartu. Etxera itzuli, gaztaina bakoitzari ebakitxo bat egin eta labeari begira egoten ginen ordu laurdenez edo.

Donostiara bizitzera joan nintzenean ere askotan errepikatu nuen erritualtxoa. Domeketan autobusetik jaitsi, Maria Cristina zubia gurutzatu eta gaztaina erreak erosten nituen ia astero. Harreman ona nuen saltzailearekin, eskatutakoa baino pare bat gehiago jartzen zizkidan beti: «Hau eskuak berotzeko. Eta azken hau, badaezpada».

Gaztaina erre usaina aditu dut kalean aspaldiko partez. Zuzenean abiatu naiz tren itxurako postura. «Dozena erdi bat, mesedez». Diru zorroa poltsikoratu dudanean ikusi dut: gaztainak Glovo aplikaziotik ere eska daitezkeela adierazten duen pegatina. Espero izatekoa zen, baina ez nuen espero. Gaztainak esku biekin heldu eta isil-isilik egin ditut hamabost minutu edo, munduaren gainbeherari buruz pentsatzen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.