Hotz egiten du kanpoan; euria ari du. «Edurra datorrela esan daue. Ordurako etxien egongo garela espero dot», esan diot amari. Giltzaz itxitako leiho baten bestaldean gaude, amonarena den loredun txabusina batekin bera eta mahuka motzeko nikiarekin ni, kanpoan hara hona dabilen jendeari begira-begira. «Fijau zara? Jente gaztiak ez ditxu guantiek janzten», esan dit. «Bai… eta gizon batek be ez dauko bufandarik», erantzun diot. Esnatu garenean azkarrago zebilen jendea; pausaje motelagoz dabiltza erlojuak bederatziak jo dituenetik. Erraz bereizten dira paseanteak eta langileak. Zuriak edo beltzak dira kotxe gehienak. Beltzak edo urdinak aterkiak. Bakarrik doaz gehienak. «Gero eta tristiaua pentzetan jat hiriko bizimodua», esan dut errepidearen bestaldean dagoen arbola eder-ederrari begira. «Eurak pozik badauz…», esan dit. Semaforo gorrian geldi zegoen kamioilari batek klaxona jo du guri agur egiteko. Irribarre egin digute oinezkoek semaforoa berde jarri arteko tarteetan. Geldi gaudenean baino ez diogu begiratzen elkarri.
Geldi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu