Ekainaren hasiera eta ekainaren bukaera bi hilabete dira. Udaberriaren eta udaren arteko muga benetakoa da. Ekainaren bukaeran gaude, eta ekainaren bukaera hilabete ederra da dena gertatzear dagoelako. Eta hori, dena (gauza asko) gertatzen den garaia baino hobea da. Maiderri idatzi diot esateko ze ona den zutabeetan, zenbat gustatzen zaidan elkarri kontra —edo tira— egitea, eta ea baduen txutxu-mutxurik. Hernaniko festetan izandako istiluez hizketan jarraitzen dugu. Ados gaude: beldurra ematen du pentsatzeak hori izan daitekeela aurtengo uda-festetako gaia.
Bitartean, kuadrillako whatsappean poteorako ordua zehazten ari dira. Ea zer jantzi galdetu du batek, eta beste batek afaltzeko bokadillo zerrendaren argazkia bidali du. Whatsapp taldeetako elkarrizketak beste literatur genero bat dira. Solomo-piperra-gazta hautatu duenak esan du berak ez duela parrandarik egingo, eta 19:30erako ez dela iritsiko idatzi duenak sudurrean behatza sartuta duen neskatila baten stikerra bidali dio. Euforia nabari da mezuetan. Sinestezina delako pentsatzea gaur edozer gerta litekeela.