maialen akizu 34 172x172

Gisatua zaintzen

2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Barakaldoko BECen atzo amaitu zen Food for Feature azoka. Besteak beste, 3D inprimagailuan egindako izokin eta hegaluzeak, hosto lehortuetatik lorturiko zukuak edo kafe kapsulen kondarretatik sortutako txokolateak izan dira ikusgai. «Martxa honetan ez dugu jakingo zer jaten ari garen», esan du ondokoak. Etxeko izozkailua etorri zait burura, supermerkatuetako ilarak, larunbatean jandako afari koipetsua. Ba al dakigu orain ere zer jaten ari garen? Jasangarritasuna, animalietatik eratorritako proteinen alternatibak, adin tarte bakoitzera doitutako produktuak izan dira nobedade Food for Feature azokan. Produktuak, alternatibak, etorkizuna. Joy Hargok badu Agian mundua hemen amaituko da izeneko poema bat: sukaldeko mahaian hasten eta amaitzen da dena. Sukaldeko mahaiak ere amaitzen ari dira, baina. Claudia Polo dibulgatzaile gastronomikoari irakurri nion jaki onak eta ondo jatea ez direla gauza bera, elikadura osasuntsua ezin dela auzoaren, lurraren, barazki saltzailearen osasunetik salbu ulertu, elikatzea ez dela jatea bakarrik: usainak, denbora, tertulia, behatzeko zauriak, biharko gosea. Burutazio hobeak izan dira, eta hori badakite andreek, gisatua zaintzen inprimagailuari begira baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.