Aita santu hil berriari hika egin nioan eta hi ere ez haiz gutxiago, Joxe. Hori erakutsi diguk behin eta berriz; ez garela gutxiago, ez garela gehiago, eta auzia ez dagoela hor. Auzia ez duk estatugintzara erreduzitzen, ezta Joxe? Jainkoa gauza moduan bainoago zentzu gisa ulertu behar dugula; hori esan nahi izan diguk, Joxe? Hire ama, Zegamako Arretxe baserrikoa, beste edozein bezain unibertsala dela, ez al da, Joxe? Kuriosoa egiten zaidak hire gertukoentzat ere Joxe izatea hi; Joxe ez duk Jóse, José, edo Yose; hik asko hekien, eta bahekien azentuan zegoela gakoa, eta euskaldunak bere-berea duen azentua ezingo duela beste inork jarri. Espainolak eta euskaldunak. Indarra dik oraindik izenburuak. Euskalduna hitz hutsak esan egiten dik. Espainolei espainol deitzea ez zaiek gustatzen, eta horrek ere esan egiten dik. Ordea, xentimoka pentsatzen duen herria gaituk gu, gizaberetxo kuadrilla bat. Nola okurritu zitzaian guri gizaberetxoak hots egitea? Onartzen diat gizaberetxo irakurri nuen lehen aldi hartan maitaleen hiztegiko ñoñokeria iruditu zitzaidala; maitia, bihotza edo txikitxu-ren parekoa. Baina geroz eta gehiago gustatzen zaidak. Eskerrik asko, gizaberetxo.

Gizaberetxoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu