Kontzeptu bakoitzak bere baitan denbora-bobina gordeta darama: bere engranaje eta eragiketa historiko. Hainbatetan entzun dugun feminismo hitzak ere badu berea, eta, komeni da gogoratzea, homosexualitate, transexualitate edo genero nozioen modura, ekintzaileek ez ezik, diskurtso zientifiko eta psikiatrikoak ere sortu dutela.
Feminismo hitza 1871an plazaratu zuen Ferdinand-Valère Fanneau de la Cour medikuak. Du féminisme et de l'infantilisme chez les tuberculeux izeneko bere doktorego tesian. Fanneau de la Courren hipotesiaren arabera, feminismoa tuberkulosia zuten gizonen patologia zen, gorputzaren feminizazioa zekarrena. Gaixoei ile eta bekainak findu, azala zuritu, zein giharrak nasaitzen zitzaizkien «katuen eta emakumeen bereizgarri diren mugimenduak» ahalbidetuz. Genitalen tamaina ere txikitu egiten zuen patologiak, eta berehalako esku hartzea behar zuten. Urtebeteren buruan Alexandre Dumasek erabili zuen feminismo kontzeptua «emakumeen aferarekiko gizonen elkartasuna» adierazteko. Hau da, lehen feministak gizonak izan ziren: gizon-ezaugarriak galdu eta sendagileek anormaltzat hartuak, zein emakumeen mugimendu politikora hurbildu zirenak. Sufragistek adjektibo patologiko hau aldarri, identifikazio-leku zein ekintza politikorako bide bihurtzeko, urte batzuk pasatu ziren.