Jira

Gobernatuak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Polizia zirti-zarta epelean abaildu zaio langileriari, sindikatuetako ordezkariei, telebistak eskaini dizkit irudiak, gero agintarien hitzak etorri dira, ez zen hainbesterako, manifestazioan egurra banatu dutela irakurri dut gero, irudika ditzaket 66 urteko poliziak azken eguneraino kotizatzen, minberak izanagatik ez dira kolpeak besterik, amorrua baretu egiten da, ubela desagertu, bihar larunbata. Bizi egin behar da. Eta astelehenean berriro ere lanera, eta asteartean, eta asteazkenean, eta ostegunean, eta ostiralean, eta hala jubilatu arte, edo hil arte, garai batean bezala. Ez gara zailak gobernatzen.

Ez dugu gobernurik ere behar. Marka guztiak hausteko bidean da Belgika. Iazko ekainaren 13an egin ziren hauteskundeak, oraindik ez dute lortu gobernurik osatzea. Jendeak manifestazioak antolatu ditu, gobernua eskatzeko! Eta bitartean, berdin-berdin esnatzen da jendea goizean lanera joateko, batere arazorik gabe dabil bere betiko martxan, txokolatea saldu, garagardoa egin, muskuiluak eta patata frijituak jan. Zertarako behar dute ba gobernua? Total, agindu diruak egiten du, merkatuek, bankuek. Magrittek burua altxatuko balu, ceci n'est pas la Belgique esan, eta lasai pipatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.