Irudika ezazue Bernart Etxepare, Eiheralarren apaiz ibili ondoren, dena utzi eta Tunisiara joan izan balitz, islamera bihurtu, arabiera ikasi eta hizkuntza horretan ere klasikotzat joko liratekeen lanak idatzi izan balitu, sorterriko hizkuntza lantzeari utzi gabe. Irudika ezazue Bernart Etxepare bisir hil izan balitz. Euskaldunok ez dugu horrelakorik; katalandunek bai: Anselm Turmeda. Hori berez independentziarako argudioetara gehi zitekeen.
Mikel de Epalza arabistak Turmedaren autobiografia itzuli zuen arabieratik. Raimonek Turmedaren olerki bat grabatu zuen 1970ean: Elogi dels diners. Horra iritsi nahi nuen. Mundu osoko, bai, baina, bereziki, Kataluniako afera aztertzeko tenorean dirua atera delako dantzara etengabe.
Artur Masek hasieran Euskal Aldundien pareko itun ekonomikoa baino ez zuen eskatzen. Ezustean harrapatu du herritarren oldarrak. Gero, Eskozian ikusi bezala, haustura ekonomikoki kaltegarria izanen zelako letania hasi zen. Grafikoen laudorioa idatziko luke Turmedak berpiztuz gero.
Atzo Madrilgo Asanbleak Artur Masek Kataluniarako hasieran eskatzen zuena Euskal Herrian bertan behera uzteko eskatu du ofizialki. Erasoa zerbaiten pizgarria izenen ote den Anselm Turmedak baino ez daki.

JIRA
Gorazarre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu