Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gorriz

2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezin erantzun dut, ez dakit, ez dakit normala den gazteek ez jakitea zein izan ziren Santi Brouard eta Josu Muguruza, ez dakit normala den hain gazteak ez diren askok ere ez jakitea zein izan ziren, haientzako ez izatea gaueko albistegiak zeharka eta nahi gabe bezala aipatutako bi izen besterik, justu komunera jaiki aurretik ikusi dituzten irudi batzuen gainean ezarritako izen batzuk baino ez, Santi Brouard, Herri Batasuna, Josu Muguruza, Alcala hotela, ez dakit zer diren neuretzat ere, zer leku duten nigan, ez ote diren prehistoria bateko harri kozkorrak, aspaldi batean etxea izan nuenaren hondarrak, bazterrean utziak, higatuak, ez dakit zein izan ziren Santi Brouard eta Josu Muguruza, Wikipedian sartu eta gorriz dauden izenak egiten zaizkit interesanteak, hauen biografiarik ez du inork idatzi, Luis Morcillo, Rafael Lopez Ocaña, gizajo gaizto batzuk, Alberto Granados Cespedes, LSDtan bustitako bost kartoi puska sartu zizkioten, eta bala bat ere bai buruan, badaezpada.

Ez dakit ezer, belakia naiz, ase egiten naiz, hustu egiten naiz, ez dut ikasten, ez dakit atzo baino gehiago, ez dakit ezer, zer nahi dudan, zer naizen ez dakit. Wikipedian gorriz dauden izenak gordetzen ditut gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.