Angel Erro.
JIRA

Gurasoak

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nik ere izan ditut gurasoak —tira, oraindik haietako bat kontserbatzeko gustu ona badut—, baina ez dut gogoan inoiz halakorik egin zutenik. Ondorioztatu beharko dut ez zirela guraso modernoak, edo bere garaiko guraso modernoak zirela gehienez ere. Ezin dut zehazki esan: oso txikia nintzen orduan. Baina, esan bezala, gogoan dudala behintzat, ez zuten inoiz Whatsapp talde bat ireki, beste gurasoekin harremanean egoteko, ezta haien garaian eskura zuten baliabide teknikoekin antzeko sare bat antolatu ere.

Ez zitzaien inoiz burutik pasa seme-alabok etxeko lanei boikota egiteko ideia. Guri, seme-alaboi, nire arreba eta bioi, bai bururatu zitzaigun inoiz etxeko lanei boikota egitea eta, izan ere, behin edo beste egiten genien, baina isilean, gurasoei eta, posible bagenuen, baita irakasleei ere, deus ere esan gabe.

Gurasoek inoiz ez zioten ikastetxeko zuzendariari gutun bat idatzi euskarazko hitz solte batzuk (edo, kasurako, latinezkoak, modanago zeuden-eta orduan gure ikastetxean) nire arreba eta biok buruz ikasi behar izatetik salbuesteko eskatuz. Gure adimen samurra ahalik eta ezagutza gehienez betetzeko joera sadikoa zuten.

Hala eta guztiz, ez baitakigu zergatik, oso maite izan ditugu gurasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.