Angel Erro.
JIRA

Hasiera berria

2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da kasualitatea, ezin da kasualitatea izan, Errusiak parte hartzeari uko egin dion hitzarmenaren izena Arma Estrategikoak Murrizteko Ituna izatea, ingelesezko siglek START hitza osatzen dutelako, zeinak, mundu guztiak dakienez, hasiera edo hasi esan nahi baitu.

Tratatuek, erakundeek eta abarrek dena delako hizkuntzan erraz ahoska daitezkeen siglak eta akronimoak hobesten dituzte, eta eman nahi duten irudia indar dezakeen hitz gogoangarria osatzen badute askoz hobe. ErNE du Ertzain Nazionalen Elkartasunak, ez dakit beren interesak ongi zaintzeko edo bijilante egoteko promesaz. ALAMAR deitzen da espainolezko Latino-Amerikar Armadoreen Elkartea, itsasoratzen dituzten ontziengatik dudarik gabe. Jende askok ez daki Elkar argitaletxearen izena ere akronimoa dela jatorriz, Euskal Liburu eta Kanten Argitaldariarena.

Gauzak horrela, argi dago munduari, edo beren buruari, zerbait adierazi nahi ziotela START hitzarmenari izena paratu ziotenek, halako itxaropen bat edo. Bitan berritu zuten AEBek eta Errusiak. Itunaren azken bertsioari, 2010ean Obamak eta Medvedevek sinatutakoari, New START deitzen zioten.

Etorkizunak, azkenean, zerbaiten hasierara eraman behar gaituela ematen du, bai, baina inolaz ere berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.