Bueno, ez dakit heldua naizen, baina errepresioaren kontzientzia askoz argiagoa dut orain. Aho barruan ahitzen zaizkit esatera ausartzen ez naizen hitzak. Neure burua bezatzen ikasi dut, egia esan nahi duen nire barreneko haurra kalitzen, gizon heldua naiz orain, arauak errespetatzen ditut, ez esan zeuk entzun nahiko ez zenukeen ezer, ez egin zeuri egitea gustatuko ez litzaizukeen ezer, zintzo ibili, egin irri, eta barrutik hitz jarioa zikina da, basa da, eta kanpotik jarduna atsegina da, zuria da, ez du minik egin nahi, ez du ezer kolokan jarri nahi, egia latza da, ez dakit zergatik nagoen hemen, berdin-berdin nengoke beste edozein lekutan, beste edozeinekin, berdin-berdin nintzateke zoriontsu eta zoritxarreko, baina antzoki honetan fortunatu naiz, antzezlana hasita zegoen, hartu nuen papera jokatzen ari naiz ahal bezain ongi, berdin-berdin agian ez, bestelakoa litzateke bizimodua agian, nork daki, orain heldua naiz, idiota bat, datorrena hartzen dut, moldatu egiten naiz, ohitu egiten naiz, edozertara ohitzen naiz, esan behar ez diren hitzak ez esaten saiatzen naiz, neure kaka neuk jaten.
Heldua naiz, uste helduak ditut, heste ustelduak. Durangon erosiko ditut Gabonetarako opariak.

Jira
Heldua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu