Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean liburuaren gaztelaniazko itzulpena berrargitaratu du euskal argitaletxe batek. Jakin-minez jardun dut aurkezpenaren bideoa entzuten beste gauza batzuk egin bitartean. Kostatu zait egunotako berri sonatuaz oroitzea, Kixoteren egilearen hezurren aurkikuntza ustez behin betikoaz, zeinaz erabakita bainengoen deus ez idaztera, baina gauzak zer diren. Bien arteko lotura argi ez bazegoen, aurkezleak esan du Pako Etxeberria aditua hor egotekoa zela, baina «Cervantesen metakarpo baten eta Ramon Saizarbitoriaren artean», Saizarrek berak ironiaz esan duenez, erraza zuen aukera.
Denborak idazten gaitu, eta zuzentzen, eta batzuetan esatekoa ere idazten digu. Lurperatze oro da tragikoa. Eta irakurraldi bakoitza lurpetik ateratzea, susmoa dut, tragikomikoa.
Madrilen ez dute aurkitu hezurdura erakusgarririk, gaurko idazleen pareko izar mediatiko bilakatzeko idazle zaharra, eskeletoa Alatristez jantzita agertzeko, hazpegiak informatikoki proiektatzeko, Saizarbitoriarena edo Cervantesena berarena izan zitekeen umore mingotsaz. Erraza dut orain zutabe hau amaitzea biltegien lurpetik ateratakoa irakurtzeko gomendatuz, euskaraz guk, lagun erdaldunek, zoria balute, Cervantesen hizkuntzan.

JIRA
Hezurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu