Zein herritarrek ez du gordetzen hiltzaile bat bere baitan?
Idazlearen izena irakurri orduko aipuak indarra galduko luke, haren lana ezagutu gabe jarri zaion etiketarekin edo irudiarekin lotuko zenuke, eta, beraz, ez noa esatera zeini irakurri diodan, baina aipua neure egin eta berriro galdetuko dut: zein herritarrek ez du gordetzen hiltzaile bat bere baitan?
Badakit ideia ez dela berria, askok eta askok aipatu dutela, esate baterako, eta zeharka ibili beharrean, baten bat ez akabatzeko ekin ziotela idazteari, edo artea egiteari, adibideak asko dira, hor daukazu Igelak argitara emandako Hiltzailea nire baitan, Jim Thompsonena, besteak beste. Animalia soziala izanik, eman behar giza kondizioak berezkoa duela nork bere tasuna bestearen aurka eraiki beharra, bestea eraitsita altxatzea norbera, eta bestea hiltzeko desio bortitza ez dela, beraz, eraiste eta eraikitze prozesuaren azken muturra besterik. Horregatik da aipua izugarriagoa.
Ez da giza kondizioa hiltzaile bilakatzen gaituena, herritar kondizioa baizik, edo zehatzago esateko, ez gara hiltzaileak animaliak garelako, sozialak garelako baizik. Horrek ematen du izua. Horrek, eta pobrea pobreagoaren aurka nola oldartzen den ikusteak.
Jira
Hiltzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu