Angel Erro.
JIRA

Hizkuntz betoa

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Matrikulazio epea ireki da eta hasi dira komeriak, batzuk ahanzteko bidean uste genituenak. Iruñeko bi haur eskola itzuliko dira gaztelaniaren normaltasunera. Mendigorriko ikasleei D eredua ukatzen zaie. Berriobeitiko alkateak bandoa dirudien gutun batean umeak euskaraduna ez den beste eredu guztietan matrikulatzera animatu du. Nik, dena den, guztien artean nahiago dudan pasadizoa (zertaz pentsa eta zer ondorioztatu franko eman didalako) Maria Solana hezkuntza sailburu ohiaren proposamenak eragin dituen erantzunak izan da. Geroa Bairen izenean Hezkuntza Sailari eskatu dio herritar etorkinak (euskaradunak diren) D eta A ereduetan matrikulatzearen aldeko kanpaina egiteko, euskarara hurbiltzeko, integraziorako bidean lagungarri gerta daitekeelakoan. Betikoak haserretu dira, inposizioa salatu. Baina polita izan da, oharkabean, plazaratzen dituzten argudioek beraien euskararen kontrako betoari harrika egiten diotelako. Ez dugu geure seme-alabek euskaraz jakitea nahi, eta, aldi berean, ez dugu euskaraz jakiteak ematen ahal dien abantailarik txikiena inork ere edukitzea nahi, eta gutxiago (lerro artean uler daiteke) kanpotik guri lana kentzera datozenen seme-alabek. Xenofobiaren eta endofobiaren nahaste paranoiko ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.