«Zer moduzko gaua pasatu duzu?». «Ordu biak arte ez dut begirik bildu. Gerokorik ez dut gogoratzen. Lo egingo nuela suposatzen dut». «Bueno, atzo baino hobeto orduan». «Bai». «Zein asmo duzu goizerako?». «Ez dut asmorik». «Hotz egiten du, baina eguraldi ona dago. Nahi baduzu, paseo bat eman dezakegu, norabiderik gabe ibili». «Bestela ere nahiko norabide falta daukat. Kafe bat hartzera joango naiz izebarekin». «Ados. Nik arratsaldea ere libre xamar daukat. Wonka botatzen dute zineman. Charlie eta txokolate fabrika-ko Wonka, gogoratzen? Haurrentzako pelikula omen da, baina ni joango nintzateke». «Izan daiteke. Siesta apur bat egin nahi nuke nik. Ordurako esnatzen banaiz, esango dizut». «Ederki. Axola zaizu Eiderri ere esatea? Berak aipatu zuen aurrekoan karteldegian zegoela». «Bai, esan, hartara ni ez banaiz joaten konpainiarik gabe ez zara geratuko». «Halaxe egingo dugu, orduan. Kafe goxoa hartu izebarekin, eta besterik bada, deitu edo idatzi lasai, polit». «Eskerrik asko». «Horretarako gaude». «Horretarako, zertarako?». «Zeure buruarengandik babesteko».

Horretarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu