Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Hortzak

2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hortzak konponduko ditut, eta orduan barre egingo dut, barre eta barre, besterik ez dut egingo, edonork edozer esaten duela ere, nik barre egingo dut, inoren aurrean baldin banago behintzat, nik barre egingo dut, hortzak erakutsiko dizkiet, zuri, ikus dezaten ez nauela ezerk berotzen, badudala edozertarako eta edozeinentzako balio didan irribarre bat, bai aldi gaiztoak gozatzeko bai aro gozoak erakusteko berdin erabiltzen dudana, nola haserrea uxatzeko hala poza ateratzeko, irribarre malgu bat, irribarre amultsu bat, irribarre zuri bat munduari egunero ongietorria emate-ko.

Hortzak konponduko ditut, eta ahaztu egingo naiz jendea bazterrera botatzeko hartu diren neurriekin, ez dut ikusiko jendea parkean lotan, ez zait axolako ezagutzen ez dudan inor, ez zait inportako lehendik inporta ez zaidanetik ezer, ez dut bide ezezagunik hartuko, ez naiz arriskatuko, betiko ereduari jarraituko diot, edukazioa erakutsiko dut, irribarre eder bat edukiko dut nahi duenari erakusteko, ez naiz bustiko, egia bat esateagatik zerbait galdu behar badut ez dut egiarik esango, ez dut ezer esango, irribarre egingo dut, ez dut inor minduko.

Hortzak konponduko ditut, eta beste bat izango naiz, zuri, irribera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.