Iritsiko da eguna eboluzioa auzitan jarri eta kreazionismoa gurean nagusituko dena, Amerikako moda gehienak bezala. Fatalista esnatu naiz. Zantzuak egon badira. Der Spiegel astekariak ez oso aspaldi ateratako inkesta baten arabera bost alemanetatik batek ez du Darwinen teoria ontzat hartzen. Bitartean, aspertu ez gaitezen, guk geuk rekreazionismo historikoa sortu dugu. Eta hedatuz doa. Asaldaturik aditu nituen euskal geografian barreiatuta ditudan adiskideen lekukotzak, guztiz sinestekoak eta ile-lazgarriak, Gasteiztik hasi eta Arbizuraino, Donostia, jakina, atzendu gabe, bertan trajeak erosi behar izan gabe, Espainiako Independentzia Gerraren batailen antzeztearenak.
Ez nuen uste, baina bai, Iruñean ere egin behar omen dute horrelako kale antzerki petardodun bat. Frantziaren uztarriaz askatu gintuztela ospatzeko. Ezin Hedoi Etxartek Ihes Ederra irudi-eleberrian irudikatzen zuen ukroniaz ez gogoratu. Eta askatu izan ez bagintuzte?
Ihes eginen diet uniformedun figuranteei. Ez dut egiten ez ingelesen ez frantsesen alde. Ihesleku posible bat Nafarroako Artxibo Nagusia da, duela berrehun urtekoari buruzko erakusketa seguruenik jendegabea ikusteko. Beste aukera batzuk ere baditut.

Jira
Ihes ederra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu