Azken berriek diote publikotik bota ziotela oholtzara. Miley Cyrusi ikurrin bat. Bartzelonako kontzertuan. Irudiak badaude, baina ez da ikusten nork jaurti zion. Norbaitek badaki asteburu honetan Sabino Cuadrak, Madrilgo kongresutik atera ondoren, ekitaldi politikorik, liburu aurkezpenik izan ote duen Bartzelonan?
Ikurrina ateratzearena Hannah Montana izandakoaren iniziatiba zela oraindik geundelakoan, keinuaren interpretazioak loratu ziren nonahi: Madonnaren txapelari aurrea hartzeko gogoa, Montana abizen ohiaren estatura etorkin joandako euskal artzainei egin miazkada sinbolikoa, Kataluniaren sezesioaren eztabaidan ez bustitzeko ahalegin guztiarekin ere probokatzaile nahia, Eskoziaren sezesioaren eztabaidan (kontra) bai bustitzeko ahalegin daltonikoa…
Joan den asteburuan egunkari honekin ikurrina edo/eta Nafarroako bandera eskuratzea zegoen, arrazoizko prezio batean. Norbaitek badaki zergatik ez zuen Miley Cyrusek kontzertuan Nafarroakoa (ere) haizatu? Bitxia da banderena. Gauza bat eta bere kontrakoa adieraz dezake bandera batek. Gaur Madrilen kantariak eman behar duen kontzertuan azken aukera dute Pancha Navarretek eta Nabarraldekoek ikurrinarena berdintzeko. Denok gorriarekin!

JIRA
Ikurrina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu