Lehen gehiagotan joaten nintzela uste dut: tindatu dut ilea, egin ditut metxak, eduki dut alde bat txukun eta neurrian soilduta, izan dut egin aldiro damutu naizen kopeta-ilea. Ile-apaintzaileari Interneten topatutako argazkiak eraman izan dizkiot eta ispilu handi haren aurrean sarritan sartu zait erokeria bat egiteko gogoa —bihurtuko naiz kaskamotza? Edo tindatuko dut arrosaz? Hobeto, buru erdia kaskamotz eta beste erdia arrosa nahi dut—. Orain hamar urteko argazkietan oraingo orrazkera antzerakoa dut, eta iruditzen zait, ez dakit pena edo lasaitu apur batekin, ja berandu dela buru erdia kaskamotz eta beste erdia arrosa izateko.
Gustatzen zait ile-apaindegietako soziologia, baina aho-zabal esaten dut nik ez dudala ile urdindua ezkutatuko. Ederra dela, zahartzearen sintoma dela, emakumeei exijitzen zaigun enegarren norma estetikoa dela, dirutza dela, toxikoa, gaitza. Kuriosoa iruditzen zait dietez paso eta zimurren aurka ez egitea erabaki duten emakumeek ile-apaindegira sarri-sarri nola joaten jarraitzen duten ikustea. Baina igualtsua esaten nuen besapeko ileez, eta hor ibiltzen naiz, neguan ez-axolati eta udan, denak ez, baina gehienak kenduta. Segiko du ileak urdintzen eta haziko zaizkigu ahoan biloak.