Denok ikusten ditugu aurpegiak marmolezko zoruetan, denok ikusten ditugu irudiak lainoetan, ez du asko axola efektu horri pareidolia esaten zaiola jakitea: denok bilatzen diogu zentzuren bat bizitzari. Eta denok hilko gara ezer asko jakin gabe. Ezin jakin dezake inork biharko egunak zer ekarriko dion, ezin da jakin etorkizuna nolakoa izango den, baina usaina hartzen zaio.
Denok gara oso antzekoak.
Gure ama, esate baterako, ez da ingeniaria eta ez da energia krisian aditua, baina aspalditik ari da, gaia ateratzen den bakoitzean, esan eta esan: ez, ez, honek ezin dik honela jarraitu, nola ba? Noiz ez zekiat, baina itzuliko duk jendea lehengora. Kostatu egingo duk, jendeak ez dik nahiko, baina itzuli beharko dik, aldatu beharko duzue oraingo bizimodua.
Unai Break Argian Pedro Prieto energia krisian adituari egindako elkarrizketa irakurtzen aritu naiz, egia galantak botatzen ditu: Oso denbora laburra daukagu, eta lan handia, jendarte-eredu zentzugabe hau deseraikitzeko. Erosotasun ekonomikoa ematen digu, eta zenbait gauza liluragarri sortu ditu, hala nola elektrizitatea, Internet,edo zortzi ordutan kontinente batetik bestera joan ahal izatea, baina gure bizimodua ez da jasangarria.
Jira
Intuizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu