Gorputzeko atalik apalena, gizatiarrena, demokratikoena, berekoikeriarik gabeena, gaur, eserita nagoen kaleko begiratoki honetatik, zuri buruz idazteko bulkada sentitu dut. Ipurdiez dakigun guztia, edo gehiena, beste ipurdietatik ikasi dugu, eta ez zara horregatik mintzen. Hau idatz dezadan, esaterako, zure oinarri sendoa eskaintzen didazu, eta zure egonarri miresgarria.
Ez duzu sexu bereizketarik egiten. Antropologoak zure erakarmenaren misterioa nolabait azaltzera behartu dituzu (eradoski gintuen amaren bularren oroitzapen lausoak garamatza zure atzetik?), baina alferrik. Berez eta arrazoi gabe zaitugu gizon eta emakumeek, hetero zein homosexualek, berdin maite.
Pasibotasunaren ikurtzat hartzen bazaituzte ere, pausoaren lehen motorra zaitugu, primum movens. Bada norabide bakarreko aldarrikatzen zaituenik, baina zu ez zaituztete horrelako espantuek harritzen. Hamaika ikusitakoa zara.
Ipurdiarena omen da estetika ebakuntzetan gehien hazten ari dena. Ezin dut gaitzik esan eskuzabaltasun biribilaren erakusgarria egiten duten ongile horien kontra. Ipurdi bat, txiki zein handi, mespretxatzen dutenak baino ez ditut hastio, gizakiok dugun atalik apalena, gizatiarrena, demokratikoena ari baita arbuiatzen.

JIRA
Ipurdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu