Zaila da topatzen. Telebistan iragarkiak irentsi zalea izanda ere, ausaz ikusi dut; hain suminduta, gainera, ez dut guztiz harrapatzen. Emakume gazte hegoamerikarra lanean dago. Prekarioa izateko txartel guztiak, edo ia guztiak (adinean gorakoa izatea falta), eduki arren, lan duina lortu du, hierarkian gora egin ahal izateko aukera eskaintzen diona. Pentsatzekoa da ez dela kasu bakana. Iragarkiak saldu nahi digun produktu bakarra enpresa bera da, haren arrakastari kalte nekez egin ahal dioten kritika ohikoenak gezurtatuz. Amazon, beraz, ez da lanak desagerrarazten dituen monstrua, kate automatizatu eta gizagabeez baliatzen dena, emakume eta gizonek osatutako lantegi humanoa baizik.
Gaurkoa idazteko iragarkia bilatu eta ordenagailuak jakinarazi dit Bezosen enpresak Espainian zenbat lanpostu finko berri sortu behar dituen; bilaketa findu eta telebistak erakutsi dizkit, erosgai; baita Jeff Bezosek, munduko gizonik aberatsenak, banaketa enpresa nola sortu zuen, modu heroikoan, kontatzen duen artikulua. Gehiago bilatuta, orain gutxiko beste notizia bat: Amazonek inteligentzia analistak kontratatu nahi ditu, «enpresaren kontrako antolakuntza laboralaren mehatxuak arakatzeko». Iragarki horiek, berriz, ezkutatu ditu.

JIRA
Iragarkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu