Angel Erro.
JIRA

Izenburua

2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esteban Peicovich kazetari argentinarrak poema liburu bitxi bat argitaratu zuen, Poemas Plagiados izenekoa. Bertan, poetak aurkitutako testuak moztu eta itsasten ditu: publizitatetik, garbigailu baten instrukzioetatik, meza-liburu batetik, faktura batetik edo mekanika-eskuliburu batetik ateratako testuak. Ondoren izenburu jakin bat jartzen die, hain ongi pentsatuta ezen testu-zati txepela, interesik eta nortasunik gabea, poema bihurtzen baita automatikoki. Izenburuak —goiburuak kazetaritzan— irakurketa gidatzen du. Emadazue izenburu gabeko testu bat, nik para diezaiodan, eta mundua mugituko dut.

Aurrekoan —seguru ez nagoen arren— Peicovichen estiloko testu poemagarri bat topatu nuen, Irabia ikastetxe ondoan txakurtxoa paseatzetik nentorrela, Burlatako Ezkabazabal plazako zoruan. Post-it misteriotsu bat aurkitu nuen. Horia da, itsaskortasuna galdu du eta hiru erostekoren zerrenda bat ematen du, baina edukia benetan ulertezina egin zait. Honela dio:

Medorrhinum

Cantharis

Lycopodium clavatum

Poema edo dena delakoaren izenburua baino ez zait falta. Bururatu zaidan bakarra Infernuko lurraldeak da. Lagun batzuekin komentatu eta Hemorroide motak edo Bestondoaren fase sekretuak iradoki dizkidate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.