JIRA. Egun bat gehiago
Egun bat gehiago, eta beste bat. Behin berandu zabiltza, lanetik irten eta ordu bat geratzen zaizu dendaz denda ibiltzeko. Besapeetan izerdia ari zaizu pilatzen, azkurari jaramonik ez egiten saiatzen zara, baina ezin, eta ispiluaren aurrean ipurdiari begira (gutxienez bi galtza behar dituzu negua duintasunez pasatzeko) besazpiak hazka egin dituzu noizean behin. Poltsa handi batekin atera zara, eta kafesnea edan bazkaria egin bitartean gehiegi ez sufritzeko. Sartu kotxean eta abiatu zara etxera, lehenengo periodikoak erosi behar dituzu, baina. Egunkariak kotxe gainean utzi eta kentzen ari zara berokia, atzeraka dator loreak banatzen dituen furgoneta, zuk ez duzu ikusi, berak zu ere ez, eta badator, atzeraka, zure kotxetik gero eta gertuago; eta tartean, zu. Kotxearen kontra zanpatu zaitu, ezin duzu sinetsi gertatzen ari dena, egunkariaren gainean zaude ia; Gazako argindar faltaren, ANVren legez kanporatzearen, Sarkozyren fedearen, torturatuen, gainean, zure eskuak. Galtza berrien barrutik ipurdiaz furgoneta bultzatuz ari zara, ezertarako ez. Irten zaizu oihua azkenean hezurrek krak egin aurretik; etxean egon behar duzu amak eguna zer moduz doan jakiteko deitzen dizunean, ezin zara hilik egon. Geratu da furgoneta. Bota dituzu egunkariak zakarrontzira; zuri zer besteei gaur zer gertatu zaien; gaur, zu, hiltzeko zorian izan zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu