oihana arana

Kaos koefizientea

2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tuperren armairua zabaldu eta hiruzpalau erori zaizkit gainera. «Hori pasetan da gauzak zentzu barik gordeten dienien», pentsatu dut neure baitarako. Aspaldi hartu nuen neure kaosaren kontzientzia; eta baita kaosa kalkulatzeko formula bat asmatu ere. (Arropa garbia esekitokitik jaso gabe daramatzadan egunak + Nire logelaren desordena maila) x (Erantzun gabe daukadan email kopurua + Paseatu gabe daramatzadan egunak). Igarriko zidaten ingurukoek ere: espero nuen baino altuagoa izan da aste honetako kaos koefizientea.

Paseatzeko tartea hartu ahal izan dut azkenean; konpainia onean norabide zehatzik gabe ibiltzeaz ari naiz. «Lagun baten ortue dau hemen onduen, fango gara ikustera?», esan diot aldamenekoari. Iluntzen ari zuenez gero ez nuen lanean topatuko genuenik pentsatzen, baina hara non aurkitu dugun: letxugak jasota eta porruak batzen. Zer moduz dagoen galdetu, eta «Ikusten duzue nire baratzea? Ba halaxe nago ni ere». Eder eta emankor dagoela iruditu zait. Zaindu gabe eta belarrek janda dagoela esan digu. Besarkada bana eman eta lehengo bideari ekin diogu. «Eta zueneko baratzea zelan dau? Guk oindion ez ditxugu udako landariek kendu».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.