Azken hamar urteetan frutaren kontsumoa ia %20 jaitsi da Hego Euskal Herrian. Garesti dago fruta, oso garesti. Baina fruten artean ere modak daude, inbidiak, kategoriak. «Fruta» guztiak ez dira «fruta» bera. Kontsumoaren beherakada bereziki laranjek izan omen dute. Zergatik ez ditugu gura orain laranjak? Pentsatu dut laranja maitasun erromantikoaren metafora izateak eragin zezakeela jaitsiera horretan: ohartu gara, gu progre-feminista-berdinzaleak, ez garela laranja erdiak, ez dugula beste inoren bila ibili behar, osoak gara eta utikan laranjak! Agian, laranjen bazterketa hau Espainiarekin gutxiago identifikatzen garelako ere izan daiteke. Ingurua ikusi besterik ez dago. Ez ditugu naranjitoak etxean nahi, herri nortasunean jauzia egiteko deia da laranjen kontsumoaren beherakada. Edo izan daiteke laranja azala zelulitisari deitzeak fruta horren estatusa jaitsi izana, Laranja mekanikoa nobela eta pelikulak gizakion inkontzientea betirako ukitzea. Egia da izozki eta jogurtetan ez dagoen fruta bat susmagarria dela eta laranjari azala kentzeko erreminta aproposik oraino ez egoteak ez duela harekiko harremana errazten. Ni horrelako estatus aldaketek mugitu egiten naute justuak direla antzeman ezean, eta bihar kafesnearekin zukua ere eskatuko dut.
Karla eta laranja
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu