oihana arana

Kursia

2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit badagoen goiz luzeegi bat izan eta gero siesta egitea baino plazer handiagorik. Pijama jantzi eta liburu bat orriztatu dut poltsa beroko urak berotzeko behar izan dituen hiru minutuetan. Maria Oses Saiz poetaren Argiak sabaian korrika liburua, hain zuzen ere.

Asko gustatu zaizkidan poemetara itzultzen naiz beti bizitzak horretarako oparitzen dizkidan hiru minutuko tarte hauetan. Kurtzetxikiri izeneko poemaren bila nenbilen. «Kursia da igual mendi bati poema bat idaztea/ baina kursiak dira moxal jaio berriak/ ilunabarrak eta egunsentiak/ eta bisitan noakizun aldiro eskaintzen dizkidazu» amaitzen da poema.

Estrellas vivas. Antología de poesía cursi liburuko sarrera kritikoarekin akordatu naiz, kursi berbari buruzko hausnarketa interesgarriak mahaigaineratzen dituzte bertan editoreek: kursia izateko hainbat modu existitzen direla azalduz eta kursi berba emakumeek eta genero disidenteek idatzitako literatura gutxiesteko erabiltzeak dituen arriskuak azpimarratuz.

Poltsa beroa hartu eta isilik abiatu naiz logelara. Poema politikoak ere kursiak, naifak, kutreak, horterak... izan daitezkeelako ziurtasunarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.