Hitzak, erabiliaren erabiliaz, kamustu egiten dira. Berriagoren bila abiatzen gara, jendearengan eragina (ahalmena) mantentzen jarraitzeko. Hitz berriak, betiko kontu zaharrak esateko. Poesiak kontrako erronka du: hitz zaharrekin gaur egunekoa izendatu. Bi bideetatik ondorio berera iritsi ahal da. Zuen esku uzten dut ateratzea.
Hitzak kutsatu ere egiten omen dira. Hala esan du PSOEko bozeramaileak. Nazio hitza ez dute Katalunia definitzeko onartuko, bestelako zentzuz kargatu omen delako, jendeak estatu ulertzen duelako, hitza (esanahiaz) kutsatuta dagoelako.
Beste hitz kutsatu bat inputatua da. Horregatik, hemendik gutxira, auzibide kodearen aldaketarekin bat, utziko dio izan juridikoa izateari. Orain arteko inputatuak (antza, jendeak erruduntzat har ez ditzan) ikertuak izatera pasatuko dira eta, prozesuan aurrerago, auzipetuak. Hizkuntzaren besoari ihes egiteko ahalegin zozoan. Hizkuntzak beti harrapatzen gaitu eta. Legeak baino aiseago.
Halere, bada deitura berriari etekina ateratzen saiatu denik. Andres Ayala PPko diputatuak esan du Ciudadanos alderdiarekin hitzarmena egiteko baldintza PPn inputaturik ez egotea denez hemendik gutxira bete ahal izanen dutela. Eta ez zen txantxa. Txantxa da dena.

JIRA
Kutsadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu