Gaur, maiatzak 1, Langileen Nazioarteko Eguna da. Gure inguruan, Larraitzen, Enirio-Aralarko larreen irekitze festa ere bai. Iragarrita zegoen eguraldiarekin bi ospakizunak batzea ez litzatekeela txarra pentsatu dut: imajinatu maiatzaren 1eko manifestazioak, hiriburuetan egin beharrean, mendialdean antolatzen dituztela. Liberatu, militante eta herritarrak, prakamotz, hamaiketako eta kantinplora, atsedenleku batean elkartzen dira. Egitaraua: hamarretan artisau azoka, baserriko ogia, eta musika; hamabietan oholtzako hitzartzea. Txaloak eta ukabilak gora; amaitzeko suziri jaurtiketa, langa zabaldu, eta arre! Aziendarekin batera aldapan gora. Hormigoia baino basoa toki hobea da oihu egiteko, eta zintzarri eta marru hotsen artean, bakoitzak egingo ditu bereak: «Hemen gaude langileen alde!»; «Ez, ez, ez, gerrari ez»; «Gutxieneko soldata hemen erabaki!». Denok dakigu mendiak elkartasuna areagotzen duela, mendizaleek beti agurtzen dutela elkar, gailurrera iristea bainoago bidea dela axola duena. Amaitzeko, pankartei hala moduz eutsi, argazkia atera, eta larre berde batean etzanda irudikatzen ditut denak, sudur zuloak zabal-zabal eta arnasa hartzen.

Langileak larrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu