Jose Luis Bilbaok ez ditu bere memoriak idatziko. Baina herenegun, Bizkaiko Batzar Nagusietan, idatzi gabeko memoria horiei egin zien propagandagatik, batek pentsa lezake baietz. Jose Luis Bilbaok egin du gizalegearen kode guztietan jokaerarik itsusiena, zerbait esatera hasi eta atzera egitea bezain itsusia, badakien zerbaiten arrandia egin (azken finean, ez dago toki txarrean gauza askoren jakitun izateko) baina kontatuko ez duela, nondik nora datorren ulertzen ez dudan harrotasunez, iragarri. Iragarri edo agindu. Arazoa da ba omen dakizkien gauza horiek, bekatua esanez baina bekataria barkatuta aletu dituenean argi gelditu denez, delituak direla eta bera ez dela nor inor barkatzeko, inori lasai egon esateko.
Jose Luis Bilbao agian ez da ustela (jada politikari garbiren bat egoteak ere ez ninduen harrituko), baina zalantza izpirik gabe ustelkeriaren estaltzaile aitortua da. Aurkitu du gero iheska ateratzeko modurik.
Halere, lasai egon daitekeena bera da. Ez du inork estaltzaileagatik salatuko. UPyDk fiskaltzara bidali ditu adierazpenak, salatu gabe. Fiskaltza noren aginduan dagoen badakigu. Salaketa jartzen ez dion alderdiak zer isildu baduela erakusten du, edo ez duela EAJ asaldatu nahi, uneotan.

JIRA
Lasai egon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu