Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Benito Lertxundik aspaldian egin zuen galdera, euskaldunok askotan ahopeka erabili duguna, eta azkenik, etsitzen hasita geundela, nork esan behar zigun, badugu erantzuna, edo erantzun irmo bati gehien hurbil dakiokeena: 4,2 gara. Ikusi beharko da kanta nola moldatu.
Lehenengo aldiz euskararen pisu ekonomikoa neurtzeko ikerketa egin da eta horixe da emaitza; %4,2 dagokio euskarari. Eusko Jaurlaritzak enkargatu du eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrialdeak baino ez ditu aintzat hartu —neure burua gezurtatzen dut; oraindik indarrean darrai Lertxundiren galderak—. Kalkulu zailak izanen ziren, suposatzen dut, ez baitu samurra izan behar hizkuntza bat eurotara itzultzeak. Azkenean, esan bezala, ebatzi dute euskara sektorea EAEko Barne Produktu Gordinaren lau koma bi dela.
Oraindik ez dakigu poztu edo tristatu behar dugun, gutxi ala Gucci garen. Geure (patrikaren) tamainaren berri jakitean, erdaldun epelak ikusiko ditugun, txin-txin, diruaren hotsaz, euskararen bero-beroan, buru-belarri, politikari eskuindarrak gay turismoaren bila abiatu diren pasio berarekin. Nik, kautelazko neurri moduan eta doan ateratzen bazait, damu dut euskara merkatuaren logikara eraman izana.

JIRA
Lau koma bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu