Espero gabeko zerbait aurpegiratu dit bikotekideak. Azkenaldian, Kataluniako erreferendumekoa hasi baino egun batzuk lehenagotik, Espainiako Gobernuak hura saihestu nahian epaitegietara jo zuenetik gutxienez, ez dugula larrurik jotzen. Ez nintzen ohartua, baina kalkulu azkar bat eginda, arrazoia eman behar izan nion. Seguruenik, jarraitu zuen nire kontra argudiatzen, libidoa desbideratu zait. Kataluniako burujabetzara. Inork desbideratua deitzen didan lehen aldia denez, akusazioa ahal bezainbat arbuiatzen saiatu nintzen, Kataluniakoaz sentitzen dudan interesa, irrikakoa gabe, narratiboa dela esanez, inongo telebistan ematen duten baino telesail zirraragarriagoa baita.
Gau horretan bertan, igandean, ezkutuka gehiengo isilaren manifestazioaren buruzko notizia eta txioak arakatu ondoren, haren uste ustela gezurtatzen saiatu nintzen. Ez da gertatzen zaidan lehen aldia, baina inoiz baino lur joago gelditu naiz, berak, beti bezala, garrantzia kendu badio ere, iruzkin gaiztorik egin gabe (esaterako, L'estaca kanta erabiltzeaz). Zin egin diot gaur, aldebakarreko independentzia aldarrikapena izanen den egunean, gaur huts egin gabe, saia gaitezkeela berriz, «hik bultza gogor hortikan ta bultza nik hemendikan».

JIRA
Libidoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu