Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Linboa

2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira bi modu infernua ez pairatzeko. Infernuaren parte izan eta infernua ikusezin bilakatzea da baga; infernuaren erdian zer eta zein ez diren infernu bilatzea da biga, haiei iraunaraztea, haiei lekua egitea.

Baina Italo maitea, zer eta zein ez da infernu momenturen batean, une labur batean besterik ez bada ere, zuri ez zaizu zerua sekula infernu bilakatu, zuri ez zaizu infernua zerurik ederrena iruditu sekula? Akaso zer eta zein noiz ez diren infernu esaten ahalko nizuke, lasaitasun une baten berri eman, zoriona zer den uste izatera iritsi nintzen eguna ekar nezake, baina aspaldi jo nuen hondoa, kosta egiten zait ezeri eta inori iraunarazten, ezeri eta inori leku egiten nire bakardadearen ziega estuan. Urte berrirako asmoen zerrendan sartuko dut, hala ere: infernuaren erdian zer eta zein ez diren infernu bilatu, haiei iraunarazi, haiei egin lekua.

Hau, dena dela, infernua baino linboa da: ahuakateondoari hostoa dario, sasoia izango da, zerua urdin dago ia egunero bezala, lagunak banan-banan oheratzen direnean bazkaltzen dut, esnatzen direnean joaten naiz ohera, atzetik nabil, edo aurretik: biharko egunkaria gaur irakurtzen dut, gaur idazten biharkoa.

Behin-behinekoa betirako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.