oihana arana

Loroa

2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazki bat bidali didate. Balkoi bat. Bi aulki. Hutsunea eskubian eta andretxo bat ezkerrean. Kaiola bat aulki bien artean. Kaiolari begira-begira dago andrea, berbetan; andreari begira-begira kaiola barruan loro bat. Horrela kontatuta ez dirudi hain berezia, baina ez dakit perspektiba den, balkoiko barrote zuriak diren edo zer; erraz identifikatzen da kaiola bat beste baten barruan.

Andrearen kontuak derrigor entzun behar dituen kaiolatutako loroa eta loroari ez bada kontuak beste inori kontatu ezin dizkion andrea. Bien lekua da injustua. Bizimodu biak daude biolentzia pila batek gurutzatuta.

Bien arteko elkarrizketaren nondik norakoei buruz pentsatzen eman dut goiza. Bakoitza bere kaiolari buruz berbetan irudikatu ditut. Kalearen edertasunaz berbetan ere bai. Gero akordatu naiz loroek ez dituztela berben esanahiak ulertzen; entzundakoak imitatzeko gaitasuna baino ez omen dute. Eta are interesgarriagoa iruditu zait elkarrizketa orduan. Ez dakit zer galdetuko nioken loro bati, esan izan dizkiodan gauzak baino esango ez dizkidala jakinda.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.