Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Lurra

2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Batzuetan ez da nahikoa izaten izarren argia, batzuetan ahaztu egiten zaigu izarren hautsa garela, munduak jan egiten gaitu, eguneroko bizitzak ongi helduta gauzka, eginbeharrak eta kezkak, lanak eta nekeak, zorrak eta penak, erruak eta beldurrak. Beldurrez bizi gara. Giza izatearen berezko segurtasunik eza atzean utzi genuela sinistu genuen, orain sekula baino babesgabeago dakusagu geure burua mundu berriaren aurrean.

Ez dakit zeini irakurri nion filosofiaren baitan aldaketa itzela ekarri zuena Lurra espaziotik ikustea izan zela; kanpotik ikustea alegia: esfera urdina, espazio ilunean. Harrezkero ezin izan duela gizakiak bere burua ordura arte bezala ikusi eta pentsatu. Baina saiatu beharko luke akaso, ez ordura arte bezala ikusten, baizik eta baita ordura arte bezala ere.

1934an idatzi zuen Edmund Husserl filosofoak Lurra ez da mugitzen. Akaso mugitzen da lurra zure oinpean? Lurra lurra da, zorua, ez gorputz fisikoa; Lurra bera da guztientzat, eta lurrazalean, Lurraren azalean, Lurrean, haren gainean, guztiontzat berdinak diren gorputz fisikoak daude. Gu guztiontzat Lurra lurra da, eta ez zentzu beteko gorputz fisikoa.

Larritasuna kendu behar zaio Lurrari: lurra da. Gutxi al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.