Aurrekoan lagun zahar bat topatu nuen kalean, eta, denboraren joanak beste ezertaz mintzatzeko ezindurik, gai neutral bat topatu genuen, inguruari begira: hirigintza. Edo horrelako zerbait. Gaia berehala turistek dakartzaten milaka eragozpenetara lerratu zen. Tabernen ugaritzea. Identitatearen galera. Erakundeek turismoa erakartzeko asmoz bideratutako egitasmoen sasikotasuna. Kultur hiriburuena ere atera zen. Azkenean, ibili eta buelta, turismoa, hots, dirua, erakartzeko muntaketa huts bat.Ni ahal bezainbat saiatu nintzen turisten defentsan. Kiroltasunagatik beharbada. Baina nire solaskidearenak baino argudio penagarri eta friboloagoekin. Garaiaren gaitz itzuri ezina dela azaldu nahian edo. Aitortu behar dut ezin dudala sinpatia ezkutatu, edo elkartasuna, hirian barna, nora ezean aspertuta, dabiltzan bidaiari bikote edo taldeekiko, Iruñean zerbait argazkigarriren bila. Ez nuen lagun zaharra konbentzitu.
Elkar agurtu ondoren Facebooken bilatu dut. Datsegit botoia sakatu dut berak oporretan, hainbat atzerritan, batzuetan eder, maiz ez originalegi, ateratako argazki guztietan.Orain pixka bat damu naiz, zer pentsatuko ote duen. Agian beraz maiteminduta nagoela berriro ere.

JIRA
Maiteminduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu