Beti dago aspertuta zaudela idaztea, igande goiza dela, Errege eguna, zerua urdin dago ia egunero bezala, ahuakateondoari hostoa dario, sasoia izango da, inurri baten itzalari segika entretenitu zara pixka batean, gero aspertu egin zara, beti dago idaztea, atzeratutako lanak dauzkazu, ekin, kontu eske idazten dizkizuten mezuak erantzuteko, erantzun behingoz, aspertu egiten zara zeure buruarekin, zenbat aldiz akordatu zara Kavafis madarikatuarekin, hemen galdu duzuna ez duzu inon berreskuratuko, ez duzu ba pentsatuko psikoanalista batek sendatuko zaituenik? Sukaldaritza ikastaroan gero jan egiten zenuten behintzat. Beti dago idaztea, edo askoz hobe, beti dago irakurtzea. Lagun ikusezinaren liburu honek ez du txarra irten behar.
Mrozek aspaldikoa, zu ere hemen? Garai zaharretan, egonezinak jota edo gustura ez geundenean, Jainkoari egozten genion ardura, bera baitzen munduaren administratzailea garai haietan; negozioa behar bezala ez zuela zaintzen iruditzen zitzaigun; beraz, bota egin genuen eta geu bihurtu ginen zuzendari.
Bistan da negozioak ez zuela hobera egin. Lehen igandean ez zenik lanik egiten behintzat. Orain igandeetan ere ez da atsedenik, eta merkealdiak, berriz, noiznahi.

Jira
Merkealdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu