Angel Erro.
JIRA

Mesfidantza

2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mesfidatia izan ohi naiz, neure modura, batzuetan oso modu xalo eta salomonikoan. Esaterako, berdin mesfidatzen naiz azalpen sinplistez nola azalpen sakonegiez. Esaterako, berdin mesfidatzen naiz bertsio ofizialaz zein bertsio estraofizial edo antiofizialaz ere. Berdin neure iritziez nola neure zalantzez.

Gerra batean, baina, mesfidatzeak ez du ospe onegirik, mesfidantzarako material ezin hobea nagusi den arren. Gerra batean egiak bandoa aukeratzen du, gezurrak izenaz aldatzen du (propagandarenaz), eta nork, non dagoen, badaki zer pentsa, zerekin indignatu, nori egin negar.

Kanpo arazoetarako errusiar ministroari entzun diogu esanez ez diotela beste herrialderi erasorik eginen, Ukrainari ere eraso egin ez dioten modu berean. Norentzat ari dira hori esaten? Antza, Errusiako jende askok ez omen du sinesten bere armada objektibo zibilei erasotzen ari zaienik. Askori ez zaie bururatuko Mariupoleko ospitalean benetako eritasunak zeudenik edo sinetsi ezinik ibiliko dira bonbak haiek bota zituztenik. Kontrakoa kontatzen diete-eta komunikabideetan.

Gerrateetan egia (benetakoa, objektiboa) oso txiki-txikia da, aurkitzen zaila, mesfidatzeko froga-harria urratuta dagoelako, erabilgaitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.