Jira

Mina

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urruti nire menditik, alegrantzia halako batek hartu ninduen, bizipozaren arintasunak, eta esan behar niola pentsatu nuen, esan behar niola bisitan zetorkidan lagunari herri baten kultura hitzari hitza ezarriz egiten dela, mintzari mintza ezarriz egiten dela, esan behar niola Ruper Ordorikak aldatu egin zuela kantu hori ene baitan, niretzat hiru hitz horiek ez direla jada Sakabi eta Egañazpiren herriminarekin lotzen, ez behintzat horrekin bakarrik, aldartearen arabera aldatzen dela hiru hitz horien esanahia, eta gaur, ostirala, bere biharko bisitaren zain nagoela, goiza ahaztu da egin beharrekoaz, gehiago akordatzen naizela Haizea Garizumakoa diskoko Argia kantuarekin, eta hango hitz ederrekin: «Egunak poliki doaz, urruti egin beharrekotik, goiz berri bat zeure ondoan, eta ilun dena bazter utzi; egunak poliki doaz, urruti neure menditik, goiz berri bat zeure ondoan, eta ilun dena bazter utzi».

Horixe nerabilen buruan, esan behar niola aldaketa sotil horrekin Ruper Ordorikak beste garai baten berri ematen zuela, euskaldun jendea munduan sakabanatua dabilela, maitasunari helduta, baina ez dela herriminak jota bizi. Haragia, eskuak, begiak, ahoak, hitzak, kantuak. Lagun mina duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.