Literaturak eragina du geure bizitzetan. Irakurritakoak bere hondarra uzten du nahi eta nahi ez. Hondarron neurriak baldintzatu ahal digu zoriontasuna. Egunkariek betegarri ekarri ohi dituzten notizia bitxi horietako batean leitu dut Txinako Guangzhou hirian gizaseme bati medikuek musker txiki bat, bi zentimetrokoa, atera diotela belarritik eta gogoa, ezin bestela, Obabara joan zait. Istorioek fikziotik errealitatera eta aldrebes jauzi egiten dutenez, fikzio batek beldur erreala eragin ahal digu. Gaurkoa eguna izan daiteke aitortzeko, Atxagaren ipuin bilduma ospetsua irakurri nuenetik, belardian etzateari beldur txikia izan diodala, gaurdanik literarioa (eta, hots, aitorrezina?) izateari utzi dion beldurra.
Fikzioak gorpuzgarriagoa, gauzago bihurtu digu, esaterako, munduaren amaiera ekarriko duen azken gerra. Dagoeneko ikusiaren irudipenaz irakurri ditugu, iragarpena ala notizia burutua den ongi bereizi gabe batzuetan, Ipar Koreak Japoniaren gainetik igorritako misilarenak eta presidente ahoberoaren erantzunak.
Beldurtiak ez ohi du ondokoen lasaitasuna ulertu. Gustukoa ez duten saga edo literatur genero batekiko desaxolaz ezikusia egiten diete askok notiziei, agian zentzu onez, agian erreferente faltaz.
JIRA
Muskerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu