
JIRA
Mutiko bat zen
Martin Laguardia mutiko bat zen eta orain, zenbat urte igaro diren aintzat hartuta, notiziak adin zehatzaren berri ematen ez badu ere, oso gizon zaharra behar du izan. Baina bertan izan da. Burutainen. Berak, mutikoa zelarik, ikusitakoari eta gero kontatutakoari esker aurkitutako hobia ireki duten toki zehatzean. Zazpi gorpu atera dituzte Aranzadi elkartekoek. Baina ez dira zientzialariak eta orduko lekukoa bakarka egon, batzuk lanean eta bestea oroitzen. Ordezkaritza politikoa ere egon da. Lurpetik ateratze horiek, hainbeste urteetan, kulpableki, egin gabeak ahalbidetu dituen Nafarroako Gobernuko ordezkari bat, goi kargudun bat, bertan izan da, Ana Ollo sailburua. Bertan izan da zuloan aurkitu duten gizonetako baten senide bat ere (Ezkabako espetxeko 1938ko ihesaldian fusilatutako preso baten biloba, Segoviatik etorria). Bertan izan dira, inoiz gertatu behar ez lukeenaren memoriaren zirkulua irmoago itxi nahiko balitz bezala, 60 gazte ere, Nafarroako lau institututatik ekarriak, orduko mutilaren lekukotza zuzenean jaso dutenak eta egunen batean «ni mutiko bat edo neskato bat nintzela bizi izandakoa» zabaldu ahal izanen dutenak, iraganeko, oraingo eta etorriko diren oroimen zaurien sendagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu