Bizileku berria atontzen laguntzeko deia egin dute lagun batzuek. Sekula egin gabeko jardunetan topatu dugu geure burua hainbat egunez. Paretetako papera kentzen, furgonetak gidatzen, leihoetatik altzariak jaurtitzen... Jakingo bagenu bezala aritu gara, beldurrik gabe, gure haurtzaro eta nerabezaroak markatu dituzten pop kanta guztien erritmora lanean.
Eguzkia ezkutatu baino lehentxeago, berbaldi lasaian, nekatuta amaitu ditugu egunak: azkazal barrenak zikin eta arropa zaharrak pintatuta. Pozik, hala ere.
Poz horren motiboari buruz pentsatzen hasi orduko konturatu naiz: horrelako lanek badute zerbait artikuluak idazteak, klaseak emateak, produktuak saltzeak... ez dutena. Zerbait baliagarria egin izanaren sentsazioa eta nekea justifikatzeko arrazoiak.
Nekeari justifikazio logikoak topatuta lasaiago bizi naiz, nekea kulpatik aldenduta. Errazagoa iruditzen zait gihar-minari aurre egiteko etzango naizela esatea, eguna gainetik pasatu zaidalako etzango naizela esatea baino. Badakit tranpa dela, baina...