Angel Erro.
JIRA

Neurriak

2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Anaxagorasek gizakia ezarri zuen konparazio guztien neurri. Gizakiaren neurriaren arabera ziren gauzak handi edo txiki. Garai horretan gizakia unibertsoaren gunetzat hartzen zen.

Gaur egun beste zerbaitek behar du unibertsoaren gunea, gauza ia guztien tamaina adierazteko neurbide ohikoena futbol zelaiak baitira. Baina neurri gehiago daude, txiki sentiarazten diguten kopuru alimalekoen jabe egin gaitezen gu, gizaki lurtar txikiok. Esaterako, hemendik ilargiraino eta bueltako tartea inoiz erabili da.

Denbora ere askotan erabiltzen dugu horretarako: distantziak neurtzeko argi-urteak egon badaude, hasieran azientifikoki erabiliak, nahiz eta gero orokortu diren. Gizatasunaren neurria gainditzen duen aberastasuna neurtzeko denbora erabilita ikusi berri dut ekonomia blog serio batean: Amancio Ortega enpresariak minuturo bostehun euroko billete bat erreko balu, 235 urte oso beharko lituzke diru gabe gelditzeko. Hortik bi ondorio atera daitezke: aberats hilko zela, dena den, eta 235 diru-urte dituela, unitate berria onartzen bada.

Halere, ankerra deritzot, hirugarren munduko bere langileei bezala, oporrik ez emateari eta lanordu legalez kanpo dirua errez egon behar izateari. Berraztertu beharko da unitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.