Espainiako hiriburuan (zulo beltz gero eta beltzago horretan) klixe bat zabaldu da, programa politiko bihurtzeraino ia. Beti esan izan da festa giroan, orain eztabaida ideologiko moduan. Duela gutxi, esaterako, asko mugitu den txio batean agertu da, modu esanahitsuan eskuinak agintea arriskuan ikusi eta hauteskundeak deitu berritan: «Madrilen inork ez dio inori galdetzen nongoa den, inori ez zaio inporta, inor ez da kanpotar».
Esan gabe doa txioak jaso dituen erantzunetako askok gezurtatu dutela, esanez, adibidez, azal zurikoa ez bazara maiz galdetuko dizutela eta pisu bat alokatzeko tenorean ondorioak pairatuko dituzula. Beraz, klixe hori ez da inondik inora betetzen, ezta, erantzunetan jende askok adierazi bezala, estatuko beste tokietakoen kasuan ere. Eta ez da deus gertatzen, nongotasuna ezezagun batekin solasean hasteko gai erraza izan daiteke.
Nik beste zerbait susmatzen dut nongotarra zaren ez galdetze hipotetiko horren atzean. Egia da hiri handietan jatorri ezberdineko askoz jende gehiago biltzen dela, eta, ondorioz, nongotasuna lausotua gelditzen da. Guztietan. Madrilek, berriz, bere burua kontrajarri nahi dio Bartzelonari, kosmopolita fama nazionalismoaren aitzakiaz belztuta.
Non harro, han herren.

JIRA
Nongoa zara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu