Beti izan naiz inkesta zalea. Noiz egiten diren, nork egiten dituen eta norentzat, zenbati galdetuta atera nahi den jendarte oso baten erretratua... mila kontu daude galdetzen dena bera baino inportanteagoak, edo bai behintzat ñabardura baliotsuak eskaintzen dituztenak. Batez ere, ñabardura horiek beti ezkutu antzean geratzen direlako. Garai batean sarri samar agertzen ziren hedabideetan: gizartearen gehiengoak arazorik larriena terrorismoa dela uste du. Eta ondoren zetozen langabezia, etxebizitza, hipotekak, segurtasuna, eta abar.
Asteburuan ekitaldi politikoen txanda izan da. Igandean Gara egunkariak ETAri egindako elkarrizketa luzea zekarren; bazter guztietan egin dira iruzkinak eta gogoetak, batekoek zein bestekoek aztertu dute ETAk esandakoa edo esan gabe utzitakoa, hedabide guztiak egon dira eta daude gerta daitekeenaren peskizan. Baina gero, kalera jaitsi eta jendearen solasei belarria jarriz gero, oso gutxitan entzuten da hedabideetan hain zabal dabilena. Inkesta egiteko gogoa ematen du: irakurtzen al dituzu ETAren agiriak eta elkarrizketak? Irakurri al duzu Gernikako adierazpena? Zein da zuretzat arazorik larriena? Eta inkesta egiteak beldurra ematen du.
Nori axola zaio?
JIRA
Nori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu