Sanferminetan izandako eraso sexualen berri, orain arte ia beti festa amaitutakoan, prentsaurreko instituzional baten bidez jakitera ohituta geunden, behin jende gehienak eta nazioarteko arretak Iruñetik alde eginik. Konponbidea etorkizunaren mende uzten zen, oporraldietatik itzulirako, datorren urtean konpondu beharrekoen artean. Inoiz polemika eta guzti egoten zen, erasoen kopuruak leunduta ote zeuden. Guztiaren atzean salaketek hiriaren irudi ona lohi zezaketelako ustekizuna zegoen.
Jakina, eraso matxistek, jazarpenek, bortxaketek ez dutela laguntzen festaren irudi ona mantentzen. Orain arte ikusi nahi izan ez dena, berriz, isilik mantentzeak azkenean askoz eragin txarragoa daukala. Ostegunean gaueko informatiboek Udaletxeko plazatik egin behar izan zuten zuzeneko konexioa, non txupinazorako beste jende bilduta baitzegoen, egunotan, festaren aitzakian, gertatzen diren eraso hauen aurrean irmo gaudela erakusteko, jaiaz disfrutatzeko bezain irmo. Festa, hainbeste etsai dituena, egunero gertatzen denaren, gizakiaren nolakoaren erretratu trinkoa baino ez da, onerako eta txarrerako. Ez zaio parte bakar bati begiratu behar. Onerako, festa elkartasun eta aldarrikapena ere bada. Edo behar du.

JIRA
Onerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu