Lagun batek eta biok hitz egin dugu ligatzean (erdarakada nahita erabili dut, generoa esplizitu ez egiteko) nork bere mugak, bere subjektibitatea, babesgabe uzten dituela, segurantziaren espazioa abandonatzen duela une batez eta zalantzaren eta ziurtasunaren arteko ahoan ibiltzen dela orekan, bi urrats aurrera eta bat atzera eginez. Hala gertatu zait niri behintzat, arriskatu naizen aldi gutxi baina nahikoetan.
Solas horren luzagarri, lagunari bidali diot sarean aurkitutako notizia ustez bitxia: asmatu dute, eta laster eskuragarri egonen omen da, sakelakoarentzako aplikazio bat, Legal Fling izenekoa, bi helduen arteko sexu harremana adostua dela bermatzeko. Aplikazioak, besteak beste, kondoiaren erabilpenari edo kontratatzaileak dituen (ala ez dituen) sexu-transmisiozko eritasunei buruzko onespena kontuan har dezake.
Airean galduko den ideia eroa, atzerakoiek helduko dioten argudio goria ala datorren gizartearen aurrerapen segurua, ikusi beharko da. Azken paragrafo honetan utz iezadazue ligatzeak (hemen erdarakadak ez nau laguntzen, ez baita gauza bera neskatan egitea ala mutiletan) dakartzan erantzukizunak esangabearen eremutik ateratzearen etsipenak atsekabetu nazala. Atsekabegarriagoa da horren beharra.

JIRA
Onespena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu